Baikor pentsatu nahi duzu?

Agifesen logotipoa

Gogo-aldartearen nahasmenduak mintzagai

21/06/2012

Yolanda Iglesias Agifeseko psikologoak gogo-aldartearen nahasmenduei buruzko hitzaldia eskaini zuen atzo Donostian, eta nahasmendu bipolarra eta depresio klinikoa izan zituen ardatz. Elkarteko teknikariak ohartarazi zuen depresioa “XXI. mendeko gaixotasuna” izango dela, Osasunaren Mundu Erakundetik jakinarazi dutenez, 2030. urterako munduko hiru minusbaliotasun kausa nagusien artean” kokatutako baita. Iglesiasek aditzera eman zuenez, “emakumeek nahasmendu hori sufritzeko probabilitate gehiago daukate, %25 gehiago”, hain zuzen ere, eta bereziki “bakarrik bizi diren pertsonei” eragiten die. Haurrak ere patologia horrekin diagnostikatzen hasiak dira.

Ibiltzen Benta Berri Errehabilitazio psikosozialerako zentroan egindako hitzaldian - ‘Baikor pentsatu nahi duzu?’ kanpainaren barne-, aipatutako psikopatologien sintomak eta jatorri posibleak azaldu zituen hizlariak. Besteak beste, “autoestimua lantzearen garrantzia” azpimarratu zuen, horrelako gaixotasunak ekiditeko edota horien garapenaren aurrean norberak hobeto erantzun ahal izateko lagungarria baita. Zehazki, adierazi zuen barne bakarrizketa negatiboa izan ohi duen eta norbere burua gutxiesten duen pertsona batek sintoma depresiboak edukitzeko aukera gehiago dituela. “Besteak zaintzeko nork bere burua zaindu” behar duela ere nabarmendu zuen, eta ezgaitasunen bat duten pertsonekin, buruko gaitza kasu, bizi diren horiez mintzatu zen batik bat. Ildo horretatik, beharrezkoa denean laguntza eskatzea gomendatu zuen. “Ezin dugu pisu guztia guregain hartu; jarrera horrek depresioa garatzen lagun gaitzake”.

Era berean, gogo-aldartearen patologiak dituzten pertsonek senitartekoen eta gertukoen laguntza handia behar dutela esan zuen Agifeseko psikologoak. Halaber, horiei entzun eta ulertzea ezinbestekoa dela eta euren sufrimendua seriotasunez hartu beharreko gauza dela gaineratu zuen, gaixotasun larriak baitira horiek.

Bertaratutako publikoaren galdera eta zalantzak argitu ostean, Agifeseko ateak informazioa eta orientazioa behar duen edonori irekiak daudela komentatu zuen Iglesiasek.

 

 

 
  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • Manifestua
  • Banner 'Laguntza behar duzu?'
  • Banner 'Pentsamenduen bilduma'

www.baikorpentsatzendugu.org

Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea