Baikor pentsatu nahi duzu?

Agifesen logotipoa

Agifes elkarteak eta Why not? fundazioak buru osasunaren aldeko “kirol festa handi” batean parte hartzera animatzen dute

19/09/2012

  •  ‘5 MILIA Buru Osasunaren Alde’ I. Lasterketa Solidarioa “ez da lasterketa hutsa izango. Garrantzitsuena ez dira emaitzak, baizik eta pertsona askok buru osasunaren alde bat egitea eta jai giroaz gozatzea”, adierazi du Agifeseko kide Yolanda Guillének
  • Mikel Odriozola atleta olinpikoak proba honetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, “buru gaixotasuna duten pertsonek eta senideek guztion babesa sentitu behar dute eta. Aukera ona da proba hau aldarrikapenak egiteko eta beraiekin hor egoteko, baita kausa honen alde lan egiten duten pertsona guztiekin ere”
  • Ruth Encinas Agifeseko gerenteak baieztatu duenez, ekimen honekin lortzen diren etekinak Agifesek eta Why not?-ek elkarrekin eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzera bideratuko dira osorik”
  • David Zurutuza Real Sociedadeko jokalariak, Mikel Erentxun musikariak eta Arzak familiak ere lasterketa babestuko dute

 

Agifes elkarteak eta Why not? Fundazioak ‘5 MILIA Buru Osasunaren Alde’ Lasterketa Solidarioa aurkeztu dute gaur. Lehenengo aldia da horrelako kirol jaialdia ospatzen dela Gipuzkoan, eta antolatzaileen helburua da ahalik eta korrikalari gehien elkartzea, datorren urriaren 7an, Donostian, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta horien senideen kolektiboari laguntza emateko asmoz.

Urriko lehenengo igandean “festa handi bat” ospatu nahi dute bi entitateek Gipuzkoako hiriburuan. “Ez da lasterketa hutsa izango. Garrantzitsuena ez dira emaitzak, baizik eta pertsona askok buru osasunaren alde bat egitea eta jai giroaz gozatzea”, jakinarazi du Agifeseko Aisialdi eta Denbora Libreko arduradun Yolanda Guillének. Ahalik eta jende gehien anima dadin, hiriko erdigunetik igaroko den ibilbide erabat laua markatu dute antolatzaileek.

Mikel Odriozola atleta olinpikoak deialdiarekin bat egin du eta proba honetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, “buru gaixotasuna duten pertsonek eta senideek guztion babesa sentitu behar dute eta. Aukera ona da proba hau aldarrikapenak egiteko eta beraiekin hor egoteko, baita kausa honen alde lan egiten duten pertsona guztiekin ere”. David Zurutuza Real Sociedadeko jokalariak, Mikel Erentxun musikariak eta Arzak familiak ere lasterketa babestuko dute.

Zehazki, hitzordu honen helburua da, alde batetik, buru osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratzea, gizabanako, gizarte eta erakunde mailako apustu gisa. Bestetik, buru osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen kolektiboa gehiago ikusarazi nahi dute ekimenaren arduradunek; eta buru gaixotasuna duten pertsonei eta beren senideei eragiten dieten aurreiritziak gainditzen lagundu nahi dute, Guillénen azaldu bezala.

Ruth Encinas Agifeseko gerenteak baieztatu duenez, ekimen honekin lortzen diren etekinak Agifesek eta Why not?-ek elkarrekin eskaintzen dituzten zerbitzuak hobetzera bideratuko dira osorik”. Besteak beste, “buru gaixotasuna duten pertsonentzako asteburuetako Aisialdi eta Denbora Libreko programa, ekainetik martxan dagoena Donostian, zabaldu egingo da. Bestalde, Zumarragan ere astegunetarako aisialdi programa bat abian jartzeko aurreikuspena dago”, aipatu du Encinasek.

Lehenengo lasterketa solidario hau Agifesen Baikor pentsatu nahi duzu? sentsibilizazio kanpainaren barne dago. Gizartean buru gaixotasuna duten pertsonekiko enpatia sortzeko xedea duen egitasmoa horren baitan, ‘Burua Aske’ kontakizun laburren lehiaketa abiarazi berri du Agifesek. Buru osasunarekin loturiko istorioak eta esperientziak kontatzeko helburua duen jarduera horretan edonork parte har dezake. Horrez gain, laster jakinaraziko ditu elkarteak ‘Buruko Osasuna Fokatu’ argazki lehiaketako irabazleak, www.baikorpentsatzendugu.org webgunearen bitartez.

Publiko guztiei zuzendutako korrikaldia

Probaren arduradunek gizarte osoari parte hartzeko deia egin diote, ahalik eta korrikalari gehien biltzeko asmoz, profesionalak, kirol zaleak nahiz kausa honekin bat egiteko asmoa duen edonor.

Why not? Fundazioko koordinatzaile Mercedes Ohlssonek zehaztu du 5 miliako, hau da, 8 kilometro inguruko, ibilbidea izango dela. Lasterketa 10etan hasiko da, EHUko Ignacio María Barriola eraikinaren ondoan, eta helmuga puntu berean ezarriko da. Izen-ematea 10 eurokoa izango da norbere txip horia duenarentzat eta 20 eurokoa, berriz, dotsalarekin batera txip horia eskuratu behar duenarentzat. “Eta korrika egiteko asmorik ez baina ekitaldia diruz lagundu nahi dutenek 10 euroren truke dortsal solidarioa eskuratzeko aukera daukate webgune berean”, aditzera eman du Ohlssonek. 

Sariak

Partaideak hiru mailatan sailkatuko dira: Junior (16-25 urte), Senior (26-45 urte) eta Beteranoak (46 urtetik gora). Era berean, korrikalariak gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan banatuko dira. Talde bakoitzeko hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute eta sei irabazleek txapela ere eramango dute.

Partaideen artean, korrikalariak nahiz dortsal solidarioa eskuratzen dutenak, babesle eta laguntzaileek emandako sariak banatuko dira. Horretarako, lasterketa amaitzerakoan euren dortsalarekin eta korrikaldiko kamiseta jantzita gerturatu beharko dute helmugara.

Izen-emateak www.kirolprobak.com webgunean burutu behar dira, eta bertan eskura daiteke, halaber, dortsal solidarioa. Eta ekitaldiari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago www.5millasporlasaludmental.com webgunean.

 
  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • Banner 'Pentsamenduen bilduma'
  • Banner 'Laguntza behar duzu?'
  • Manifestua

www.baikorpentsatzendugu.org

Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea