Baikor pentsatu nahi duzu?

Agifesen logotipoa

500 pertsona baino gehiago, buru osasunaren alde korrika

07/10/2012

Bostehun pertsonatik gora parte hartu dute gaur goizean ‘5 MILIA Buru Osasunaren Alde’ I. lasterketa solidarioan. Zortzi kilometroko ibilbidea egin dute Donostian barrena, antolatzaileek banatutako kamiseta zuriak soinean jantzita, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen kolektiboari laguntza emateko.

Probaren irabazle absolutuak izan dira Carmen Perea Clavero donostiarra, emakumeen artean, 31:13 denborarekin, eta Sergio Román hernaniarra, gizonezkoen kategorian, 24:58 denborarekin. Aipagarria da 24 atleta baino gehiagok lortu dutela ibilbidea ordu erdi baino gutxiagoan amaitzea. Beraz, festa giroak, elkartasunak eta maila altuko norgehiagokak bat egin dute gaurkoan.

Agifes elkarteak eta Why not? fundazioak, bi entitate antolatzaileak, partaideen laguntza eskertu dute, eta oso pozik agertu dira lehenengo urtez ospatutako ekimenak lortutako arrakastarekin. Ekitaldiak gonbidatu bereziak izan ditu: Mikel Erentxun musikaria, Mikel Odriozola atleta olinpikoa eta Richard Oribe atleta paralinpikoa lasterketa babestera etorri dira eta sari-banaketan parte hartu dute, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin batera. David Zurutuza futbolaria eta Arzak familia ere babesle izan dira.

Probaren irteera eta helmuga EHUko Ignacio María Barriola eraikinean ezarri da. Goizeko 10etan abiatu dira kirolariak, Agifeseko erabiltzaile batek irteteko pistola-tiroa egin ondoren. Tolosa etorbidea, Zumalakarregi, Kontxa, San Martín kalea, Foruak, Argentinako errepublika, Soraluze, Abuztuak 31 eta Hernani kaleak zeharkatu eta berriro abiapuntura itzuli dira Kontxa, Zumalakarregi eta Tolosa etorbidetik. Ibilbide laua eta atsegina dela adierazi dute partaide askok.

Probaren helburua da buru osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratzea, buru gaixotasuna duten pertsonen eta horien senideen kolektiboa ikusaraztea eta patologia horiek dituzten pertsonei eragiten dieten aurreiritziak gainditzearen aldeko aurrerapausoa ematea Gipuzkoan. Ekimen honetan lortutako etekinak Agifesek eta Why not? Fundazioak buru gaixotasuna duten pertsonei eta beren senideei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzera bideratuko dira.

 

SAILKAPEN OROKORRA

Emakumezkoak absolutua

Carmen Pérez Clavero: 31:13

Naiara Casi Presa: 31:59

Mercedes Bautista Vázquez: 32:09

 

Gizonezkoak absoluta

Sergio Román Bermejo: 24:59

Ibai Alba Vílchez: 25:33

Mikel Albeniz Carlos: 26:12

 

Korrikalarien sailkapen osoa eskuragarri dago lotura honetan: 
http://www.kirolprobak.com/clasificacion.php?id=554

 
  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • Banner landetxe
  • Banner 'buruko osasuna'
  • Manifestua

www.baikorpentsatzendugu.org

Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea