Baikor pentsatu nahi duzu?

Agifesen logotipoa

Laguntza behar duzu? Behar duenik
ezagutzen al duzu?

Ez da erraza buruko gaixotasun batekin bizitzen ikastea, eta are gutxiago beharrezko laguntzarik ez badaukagu. Gipuzkoan 5.500 kasu berri erregistratzen dira urtero (antsietate eta depresio nahasmenduetatik hasi eta pertsonalitate nahasmendu eta eskizofrenia bezalako gaixotasunetaraino). Eta familia askok bakarrik egiten diote aurre egoera honi, laguntza profesionalik izan gabe. Gaixotasun hauen inguruan dagoen estigmak eragina du horretan, jende askok arazoak etxean gordetzea erabakitzen baitu. Zoritxarrez, isolamenduak mesede gutxi egiten dio gaixo daudenen errehabilitazio psikosozialari.

Agifesek, buruko gaixotasuna duten pertsonak eta familiak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteak, kolektiboari laguntzeko zerbitzu eta baliabide anitz eskaintzen ditu, irabazi-asmorik gabe:

Doako orientazio eta harrera zerbitzua.

Entzun, informazioa eskaini eta irtenbideak proposatzen dizkizugu.

Errehabilitazio psikosozialeko hiru zentro.

Bi zentro ditugu Donostian, eta bat Eibarren. Elkarteko erabiltzaileek ahalik eta bizitza autonomoena eraman ahal izateko gaitasunak ikasi edo berreskuratzen dituzte jarduera anitzen bitartez. Espazio horietan psikohezkuntza, autokontrola lantzeko eta estresa bideratzeko moduak, gaitasun sozialak, norbere zainketa, psikomotrizitatea, lan orientazioa, kultur eta aisialdi tailerrak, irteerak, etab. egiten dituzte.

Senide eta zaintzaileentzako laguntza programak.

Ahaideen eta gertuko pertsonen zeregina oso garrantzitsua da buruko gaixotasuna duen pertsonaren errehabilitazio prozesuan. Beraz, euren ongizatea indartzen eta gaixotasuna duen pertsonari laguntzeko gai izan daitezen laguntzen diegu. Talde-terapiak eta banakako laguntza psikologikoa eskaini, eta beharrezkoa duten informazio eta orientabidea ematen diegu.

Aisialdi eta Denbora Libreko programa.

Buruko gaixotasuna duten pertsonen isolamendua ekiditeko eta harremanak bultzatzeko programa da. Erabiltzaileek ekintza ugaritan parte hartzen dute egunero, Agifesen instalazioetan, baliabide komunitarioetan edo kalean.

Etxez etxeko psikoheziketa eta laguntza programa.

Buruko gaixotasuna duten pertsonen errehabilitazio eta gizarteratze prozesua bultzatzeko programa da, eta erabiltzaileen partaidetza sustatzen du. Familiak edo zaintzaileek ere parte hartzen dute programan, eta komunitateko gainontzeko zerbitzuekin elkarlanean aritzen gara gizarteratzea lortzeko helburuarekin.

Zaintzapeko zortzi etxebizitza.

Pisu horietan buruko gaixotasun larria daukaten eta eguneroko bizitzarako familiako baliabiderik eskura ez duten pertsonak bizi dira. Etxebizitzek errehabilitazio eta gizarteratze funtzioa daukate. Beharra duten erabiltzaileek denboraldi batez egon daitezke bertan, euren beharren eta garapenaren arabera. Bertan bizitzeko epea hilabete batzuetakoa izan daiteke, edo muga jakinik gabekoa. Agifesek kudeatzen dituen pisuak Donostian, Oiartzunen, Irunen, Eibarren, Zumarragan, Elgoibarren eta Legorretan daude.

Talde-terapiak.

Egun, eskizofrenia zein buruko nahasmendua duten pertsonentzako taldeak ditugu elkartean.

Aholkularitza juridikoko doako zerbitzua.

Agifeseko bazkideek zalantza juridikoak galde diezazkiokete gure abokatuari, bai telefonoz edo bai berarekin hitzordua hartuz. Horrez gain, beharrezko dokumentazioa prestatzen du eta joan beharreko bulegoetara laguntzen die erabiltzaileei eta senideei.

ZU LAGUNTZEKO GAUDE!

agifes@agifes.org

  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • Banner 'Laguntza behar duzu?'
  • Banner 'Pentsamenduen bilduma'
  • Manifestua

www.baikorpentsatzendugu.org

Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea