Ez dago definizio ofizialik, baina esan genezake Buruko Osasuna dela:
Emozionalki, kognitiboki eta jokabide aldetik orekatua egotea; horrela, familian, gizartean eta lanean modu arduratsuan jardun eta ongizate eta bizi kalitate jakin batez gozatu ahal izateko.
Buruko gaixotasunen jatorrian faktore anitz egon daitezke, eta sarritan, ez ditugu ezagutzen. Burmuineko kimikan edota bestelako mekanismo biologikoetan gertatzen diren asaldurek, predisposizio genetikoek, ingurumen, kultur eta gizarte faktoreek, garunean gertatutako kalteek edota substantzia toxikoen kontsumoak eragin dezakete gaixotasuna sortzea eta garatzea. Baina ezin dugu zehaztasunez ezagutu zenbateraino eragiten duten faktore horiek, ez eta zein konbinazio ematen den kasu bakoitzean.
Buruko Osasun arazoak dituzten pertsonak hobekuntza nabarmena izan dezakete tratamendu egoki bati esker. Medikuntzaz gain, oso garrantzitsua da psikoterapia, pertsonak errazago aurre egin diezaien buruko gaixotasunak dakartzan ondorioei.
Buruko gaixotasuna indarkeriarekin lotzeak ez du oinarri zientifikorik. Buruko gaixotasuna duten pertsonak oso egoera bakanetan izan daitezke gizartearentzako arrisku. Norberarekiko edo gertuko senideekiko jarrera erasokorrak gertaera jakin batzuen aurrean eta buruko nahasmendu batzuekin soilik garatu daitezke, gaixo dagoen pertsonak tratamendurik hartzen ez badu.
Edonork izan dezake buruko gaixotasunen bat. Beste gaitz askorekin gertatu bezala, guztiok dugu buruko nahasmenduren bat izateko aukera. Zehazki, estatistikek diote munduan 4 pertsonatik 1ek buruko nahasmenduren bat sufrituko duela bizitzan zehar.
Bai, posible da. Farmakologia eta psikoterapia tratamendu egokiarekin, ingurune sozial eta familiar lagungarriarekin eta errehabilitazio psikosozialarekin, buruko gaixotasuna duen pertsona batek eritasunaren mugak gainditu ditzake eta gai izan daiteke lan egiteko, harreman pertsonal egokiak edukitzeko, haurrak zaintzeko, etab.
Familia giro egokia edukitzea oso garrantzitsua da buruko gaixotasuna duen pertsona sendatzen laguntzeko. Gainera, familiak gaixotasuna duen pertsoneri bere tratamendua jarraitzen laguntzen dio. Hortaz, ezinbestekoa da senide edo zaintzaileek ere euren burua zaintzea; beharrezkoak dituzten atsedenaldiak hartzea, eta profesionalen laguntza eskatzea. Izan ere, orekatuta eta indartsu sentitu behar dira eritasuna duen senitartekoari laguntzeko.
Buruko gaixotasunarekiko dugun jarrera eta hitz egiteko modua aldatzea aurrerapauso nabarmena da. Garrantzitsua da ekiditea “eroa” edo “zoroa” bezalako kalifikatzaileak, baita gaixotasuna duen pertsonari buruz bere diagnostikoa azpimarratuz hitz egitea ere: esaterako, “eskizofreniko” esan beharrean “eskizofrenia duen pertsona” esatea egokiagoa da. Lengoaiarekin zorrotzagoak bagara, errespetu gehiagorekin zuzenduko gatzaizkie gaixotasunak dituztenei. Ideia ona da, halaber, buruko osasunari buruz ikastea eta ezagutza horiek ingurukoekin partekatzea, gisa honetako arazoak dituzten pertsonei buruzko uste okerrak alboratzeko.
www.baikorpentsatzendugu.org
Infotresek diseinatu eta garatutako webgunea