¿Te apuntas al pensamiento positivo?

Logotipo de Agifes

Mari eta Elene

Mari Joxe Azurtza - 16/11/2012

 

Maite dut irratia, gauero burko azpian. Gozoro laztantzen dut, musika xaloa entzun bitartean. Eskutan samurki hartzen dut eta bihotzera ekartzen, esatariaren ahots eztiak lokartzen nauen artean. Maite dut bere konpainia, gau ordu txiki eta handitan, bakarrik oheratuta, norbait bailitzan.

Maite dut irratia, egunsentian, kanpoko ekaitz, trumoi eta tximisten berri ematen didanean, nik presarik gabe dutxa beroa hartu ahala. Esker oneko egiten nau, kanpoan enbata entzun eta buru-gorputzean behera doakidan uraren gozamenean.    

Maite dut irakasteko darabilen moldea eta era goizetan. Politikarien ika-mikak, munduko gorabeherak eta azken berrien neurtitz serioak buruan jartzen dizkit nik mundu mailako komeria korapilatsuak neurriz -eta bare- har ditzakedan ordu bakarrean. Maite dut, goiz nabarreko te kikararen azken zurrutada edatean, ohartzeke, jakitunago egin nauela jabetzean.

Maite dut irratia, eguerditan, lehiaketa sasoian. Zorionekoa ni erantzun denak dakizkidanean: poza barreiatzen zait zainetan behera eta buruan gora. Irratia bera dut konplizea eta lekukoa, den-dena asmatu eta pozez saltoka hasten naizenetan. Besapean hartu eta baltse bat dantzatzen dut, berehalakoan.

Lankideen harridura.

Maite dut irratia ilunabarrez, lan ondoren etxerako bidean. Herrialde ezberdinetako musika... algarak, txolarteak eta gertakizunak... bidelagun, tipi-tapa, irratiaren pili-pala...

Maite dut  etxeratutakoan piztea, sofan epel eseri eta istorioren batek biziberri nazan. Zenbat jende ausart eta kementsu dagoen, eguneroko bizitzan aurrera egin eta ezkutuan gordetzen duena...

Maite dut irratia eta irratiak dakarrena... irratiak nigan pizten duena. Zuk arrantzan joan behar duzun bakoitzean dudan konpainia leiala. Ametsetako nire zurrumurrua, zurekin amestu eta guztiz berotzen naizenean hark egiten didan hitzezko besarkada kuttuna. Hori maite dut, itsasontzitik deitu eta biek gustuko dugun musika jartzeko eskatzen duzunean, musika horrekin egiten dugun maitasun gozoa nire azalean eta barrun-barrunbean kitzikari sentitzera naraman unea. Zu ez zaudenean irratia baitut lagunik maitatuena eta gertukoena, intimoa, nire intimitatean presente dagoen bakarra. Eta zu zaudenean, dudan lagun isil ulerkorra.

Maite dut irratia, pertsonak alboan eduki gabe, pertsonak alboan sentitzera eramaten nauen gailua. Aparailua. Programazioa. Duela gutxi ezagutu dudan nire barruko txikia ere dantzan jartzen duena. Alaitu, ernegatu, ozpindu, samindu, mindu, poztu, biziberritu, indartu, lotsatu, ikaratu, urduritu, kezkatu, zoratu, nahastu, esnatu, aspertu, alpertu, itxaropendu... egiten nau. Txiki, zuk ere nik adina eskertuko duzu tresneria eta esataria.

Maite dut irratia itzalia dagoen unea, irrati eza baita piztua dudanean gozatzera naramana. Beste soinu eta zaratek, nire pentsakizun eta sentimenduek.... biltzen nauten garaia, irratia berriz ere pizteko grina sortuko didana. Nik nire buruarekin eta nire sabeleko txikiarekin bakarrik egoteko dudan garai sakratua, berezia, oheratu aurrekoa. Orduan jarriko dut burko azpian, gauero, eta piztuko dut, nire konpainia bilakatuko dena eta nire txikia dantzan jarriko duena. Eta beharbada, munduko zokorik urrutiratuenetik zure ahotsa eta telefono deia entzuteko aukera emango didana.

Maite baitut irratia gauero burko azpian... bai Mari, bai Elene naizenean, zurekin, ene laztana, beti Elene banaiz ere, irratiarekin Mari baitator gehienetan, zuk jakin gabe. Ez duzu Mari ezagutu eta ezta ezagutuko ere... nahiz eta Marik Elenek adina maite zaituen eta zurekin berdin jokatzen duen. Marik badaki bera Elene dela, Elenek ez du Mari ezagutzen, ordea. Ez du bere berri sekula izan... duela bi hilabete psikiatrak aipatu arte. Eta ez zion sinistu... irrati bat oparitu ziola ikusi zuen arte, sekula pizten ez zuen aparatua, buru nahasle zaratagilea, ez gustukoa.... Marik etengabe piztua eta alboan duena.

Maite dut irratia, Elene maite dudan adina eta Elenek isiltasuna maite duen beste. Maite dut ere barruan dakardan txiki dantzaria.

Laztana itsasoan. Elene eta txikia nire barruan. Irratia lagun inguruan...

Marik (eta Elenek)

 

 

 

Volver

  • Youtube
  • Twitter
  • Facebook
  • banner regalo
  • Banner Salud Mental
  • Banner agroturismo

www.pensamosenpositivo.org

Sitio web diseñado y desarrollado por Infotres